XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Idaztankeran, berriz, erdira jo zuen T.Agirrek.

Ez zen euskara mordoilo zale, erdal hitz ugariz jositako euskara zale.

Ez eta hitz berri gehiegiren zale ere.

Gero aipatuko dugun hizkuntzarekiko eztabaida horretan, erdi bidea aukeratu zuen eta hauxe zen bere erdi bidea: herriarekin joanda, bere euskara herriarengan ondo sustraitua izango da.

Euskal Herriarekiko arrera.

Dudarik ez Euskal Herria sutsu eta gartsuki maite zuela, baina industrializatzen hasia zen Euskal Herriari nostaljiz beterik begiratzen zion.

Lehengo, Erdi Aroko, edo galtzera zihoala ikusten zuen baserritar, artzai eta arrantzaleen Euskal Herria zuen amets.

Ez zuen nahi bere Euskal Herri hark garo eta kresal usaia galtzea.

Bere idazmoldea edo estiloa

Badaiteke T.Agirreren nobelak gaurko gustorako astun eta neketsu xamarrak izatea.

Gaur egungo nobela tankera bestelakoxea da, biziagoa, zuzenagoa, azkarragoa, esaera laburragokoa.

Txomin Agirreri gauzak borobiltzea atsegin zaio, berdintasunak bata bestearen atzetik mara-mara jaulkitzea, gauzei alde guztietatik, goitik eta behetik, ezker eskubitik begiratzea.

Esaldi luzeak egingo ditu, aliterazioak, onomatopeiak, anaforak, gonbaraketa, e.a. maisuki erabiltzen ditu.

Bere prosa kargatuxegia da gaurko idazmoldeetarako.

Bere garaiko literatur korronteak

T.Agirrek bere haurtzaroan ezagutu zuen karlisten azken gerratea.

Gerra hura bukatutakoan, fueroak kendu edo moztu egin zituzten.

Eta hain zuzen orduan somatzen da bazterretan halako kezka, dardara eta urduritasun bat euskararen alde, ordura arte inoiz somatu ez zen bezelakoa.

Euskara salbatu nahi zen.

Fueroak galdu zituzten, baina hizkuntza, behintzat, ez zedila gal.

Gerra bukatzean, Euskal Herria ekonomi aldetik nahiko lur jota zegoen.

Politika mailan, berriz, fueroen azken aztarnak galtzearekin, historian zehar hain gartsuki gorde eta defenditu zuen bere nortasuna galdu zuen.

Euskal Herriak bere herri izatearen nortasuna nahiko galdurik ikusi zuen.